Hawaii uharteak
Hawaii uharteak | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Mendirik altuena | Mauna Kea |
Garaiera | 4.205 m |
Mota | Uhartedi eta eskualde kultural |
Azalera | 16.636 km² |
Eponimoa | John Montagu Hawaii (uhartea) |
Geografia | |
Koordenatuak | 20°45′N 156°09′W / 20.75°N 156.15°W |
UTC ordua | Hawaii–Aleutian Time Zone (en) |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | Hawaii |
Ur-gorputza | Ozeano Barea |
Leku geografikoa | Ozeano Barea |
Hawaii[1] (ingelesez: Hawaiian Islands; hawaieraz: Mokupuni o Hawai‘i) Ozeano Bareko iparraldeko artxipelago bat osatzen dute. Zortzi uharte nagusi, hainbat atoloi, uhartetxo ugari, arrezife eta hondar-bankuz osatutako artxipelagoa da. Ozeano Barean, ipar-mendebaldetik hego-ekialderako lerrokatuta dago, 2.450 kilometroan zehar. Artxipelagoak uharterik handienaren izena du, Hawaii.
Artxipelagoko uharteak jarduera bolkanikoak sortutako urpeko mendilerroen gailurrak dira, itsaspetik gailentzen direnak. Hurbilen duen kontinentetik, Amerikatik, 3.000 kilometro ingurura dago, eta lehorretik urrunen dagoen artxipelagoa da.
Uharteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hawaii uharteak hemeretzi uharte eta atoloik osatzen dituzge, eta 16.639 km²-ko azalera dute denera. Artxipelagoa bi uharte-multzotan banatu daiteke:
- zortzi uharte handienak (Hawaii, Maui, Oahu, Kauai, Molokai, Lanai, Niihau, Kahoolawe). Bertan jendea bizi da. Ekialderago daudenak dira.
- ipar-mendebaldeko uharteak, guztiak hutsik, jenderik gabe. Uharte txikiagoak, atoloiak eta arrezifeak dira.
Midway atoloia izan ezik (Midway Estatu Batuen barne dago), gainontzeko guztiak Hawaii estatuaren administraziopean daude.
Ekialdetik mendebaldera uharteak honakoak dira:
Geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uharteak bolkanikoak dira jatorriz, Ozeano Bareko plaka puntu bero batera mugitzean sortuak. Ipar-mendebaldeko uharteak zaharragoak dira eta txikiagoak, hego-ekialdekoak, aldiz, berriagoak eta handiagoak. Hawaii uhartea da artxipelagoko handiena eta berriena, eta zenbait sumendi aktibo ditu.
Mauna Loa sumendiak uhartearen erdia hartzen du, eta munduko zabalena da. Garaiagoa da ordea Mauna Kea sumendia, zeina, itsaso-azpiko mailatik neurtuta (ez bakarrik lurrazaleko uharteko itsas-mailatik), munduko mendirik altuena ere izango litzatekeen, 9.966 metro itsasoaren hondotik (Everest baino gehiago altxatzen da bere oinarritik), 4.205 meters itsas-mailatik[2].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hawaii uharteek espezie endemiko ugari dituzte. Fauna eta flora ia erabat isolaturik garatu ziren 70 milioi urtez. Polinesiarrekin izan zen lehen giza harremanean, bestelako zuhaitz, landare eta animaliak sartu ziren. Duela gutxiko biztanleek eman zioten hasiera ekosistemaren deforestazio eta degradazioari. Ondorioz, zenbait espezie desagertuak dira jadanik.
Europarren helduerak eragin handia izan zuen; esportaziorako monolaborantzako nekazaritza, ganaduaren sarrera eta hiri-garapena neurri handian bultzatu zituzten. Gaur egun, oraindik geratzen diren espezie endemikoetako asko desagertzeko zorian daude.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uharteak hezeagoak dira iparraldean eta ekialdera, alisio haizeek gogor jotzen duten eta euri gehiago egiten duen lekuan. Itsasertzeko zonaldeak, oro har, eta batez ere, hegoaldean eta mendebaldera, lehorragoak dira. Gune turistikoenak haizeak jotzen ez duen itsasertzetan daude.
Euri gehien urriaren eta apirilaren artean egiten du. Sasoirik lehorrena, beraz, maiatzetik irailera bitartekoa da, baina sasoi horretan urakanen arriskua izaten da.
Itsas mailako batez besteko tenperatura 29 eta 32 °C artean izaten da udan, eta 18 eta 21 °C artean neguan. Gero eta gorago tenperatura jaitsi egiten da, eta hiru mendirik garaienak, Mauna Kea, Mauna Loa eta Haleakala, elurrez estaltzen dira neguan. Hawaii uharteek tsunamien eragina izan dezakete.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Polinesioak ezarri ziren lehen aldiz uharteak, noizbait, K.o. 124 eta 1120 urteen artean.[3] Hawaiiko zibilizazioa munduko gainerako lekuetatik isolatuta egon zen gutxienez 500 urtez.
Ruy López de Villalobos kapitain espainiarra izan zela 1542an uharteak ikusi zituen lehen europarra. James Cook esploratzaile britainiarrak zuzendutako espedizioa 1778an iritsi zen. Cook iritsi eta bost urtera, Europako teknologia militarrak lagundu zion Kamehameha I.ari, Hawaii uharteko agintariari, uharteak konkistatzen eta bateratzen lehen aldiz, 1795ean Hawaiiko Erresuma ezarriz. Erresuma oparoa eta garrantzitsua zen bere nekazaritzarako eta Ozeano Barean zuen kokapen estrategikorako.
Estatu Batuetako biztanleen immigrazioa, misiolari protestanteak buru zirela, eta Hawaiiko emigrazioa, batez ere baleazaleen ontzietan lanean, Cook iritsi eta ia berehala hasi zen.[4] Estatubatuarrek azukrea landatzeko landaketak egin zituzten eta lanerako etorkin iraunkorren olatuak ekarri zituzten Japonia, Txina eta Filipinetatik soroetan lan egiteko. Japoniar jatorrikoak 1896an hawaiiar populazioaren %25 inguru ziren.
19. mendean zehar, Hawaiiko erresumako instituzio eta legeak estatubatuarren esku geratu ziren pixkanaka, haien begiradapean konstituzioa berridatzi zelarik: erregearen boterea gogor murriztea lortu zuten, eta baita jatorrizko hawaiiar eta asiar herritar gehienen eskubideak galaraziz, jabetza eta dirusarrera handiegiko baldintzak ezarri herritartasunerako. Horrek abantaila nabarmena ekarri zien landaketen jabe zuriei. Lili ‘uokalani erregina 1893an saiatu zen errege-botereak berreskuratzen, baina jauntxo kolonoek atxilotu zuten etxean, Estatu Batuetako armadaren laguntzarekin. Erreginaren nahien kontra, Hawaiiko Errepublika eratu zen, baina tarteko manibora bat besteik ez zen izan, Gobernu honek, Hawaiiren izenean, 1898an Estatu Batuekin bat egitea erabaki baitzuen, Hawaiiko lurralde gisa.
1959an, uharteak Hawaiiko estatu bihurtu ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. (2012-03-30). 168. araua: Ozeaniako toponimia. .
- ↑ (Ingelesez) Society, National Geographic. (2013-04-08). «Mauna Kea» National Geographic Society (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
- ↑ ISBN 978-1-107-40217-1..
- ↑ Office of Hawaiian Affairs. (May 2017). Native Hawaiian Population Enumerations in Hawai`i. , 11 or..